XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NORI BEREA

IHINTZAN, azkeneko alean, Jokin Otaegik hiru anaia Salletarren radiografia eskaini zigun, laburra izan behar derrigorrez, baina mamitsua eta eraginkorra bere laburtasunean.

Anaia hauen izenaz baliatuz hiru garai edo sasoiko ispiluak azaldu zizkigun, eta honekin batera, hiru tankera liferenteon nortasuna.

Badirudi Jokinek anaion bizitza oso hurbiletik ezagutu zuela.

Dena den, antza denez, Bitañorena eta Mikelena gertuagotik bizi izan zituen, berak aipatzen ez dituen arrazoiengatik, baina ulertzen errazak direnak bestalde.

Jokinen lana irakurri ondoren, aspaldiegi agian, artikulua Urriak 4an ari bait naiz egiten, ontzat eman nuen.

Zergatik?

Behingoz bederen eta nolabait, gure artean izandako anaien urratsak euskaraz aztertuak izan direlako, laburki izan bada ere.

Hau hainbeste zereginetan murgildurik gaudenontzat ezinezkoa izan zitekeela zirudien, edo zirudidan behintzat.

Ontzat ematen baldin banuen ez zen sailkapen konbentzionala egin zuelako, hots, Jokinen eritzi pertsonalak eragin berezia ukan zezakeelako, baina bai, ordea, sinbologiaren bitartez lerro koherente baten, edo beste erara esanda, joera bateratsu baten argitasunak azpimarratu zizkigulako, hau da, lagunon euskal joera zintzo eta leiala, tokian tokikoa, garaian garaikoa.

Bitañorekin urte batzu eman nituen Deustuko La Salle Ikastegian, eta, bizikidetasun honek bultzatu nau gogoeta honetara.

Beste pretentsiorik gabe, Jokinek margotutako koadroari pintzelada gehigarria baino ez diot jarri nahi.

Ziur naiz, nitaz aparte, beste norbaitek ere izango zuela zer erantsi, zer zehaztu.

Dena den, esanak esan, Bitañori zerbait zor zaio, edo zor diot ene uste apalean, Jokinen lanean azaltzen ez den zerbait hain zuzen ere.

Bitañok bere azken urteetan paregabeko IREKITASUNA azaldu zuen, esan nahi bait da, egungo giroak eskatzen zuen egokiera egiten saiatu zela, eta horretarako ahaleginak eta bost egin zituen bere burua prestatzen eta gaurkotzen.

Ez zen berarentzat axola gehien zuen garaian ainguratu, ibiltari porrokatu, temati, miresgarri eta nekaezina egin zen, eta Monzonek askotan esan zuen bezala, ez zuen Maltzagarainoko trena galdu, trenaren azkenaurreko bagoian sartu eta eseri baldin bazen ere, baina betiere aurreko bagoiaren barnean zer gertatzen zen konturatzen zelarik.

Bitaño kultura arloan mugitzen zitzaizun, eta gure gizonaren ustetan, kultura oso zabala zen, nola euskal kultura hala munduko kultura, begi zorrotzez begiratzen zion, eritzi kritikoak agertzen zizun.

Ohitura hau, zorioneko ohitura, inork ez bezala zeukan sartuta burmuinetan.

Alde honetatik gizon aparta zen, gure eremu estu, tipi eta mugatuan, noizbehinka azaltzen den eredu bakarti horietako bat.